Film laburrak eta dagokion dokumentazioa jaialdiaren egoitzara igorri beharko dira martxoaren 19a baino lehen.
Amurrioko IV. Euskal Zinemaren Astea "Begibistan" maiatzaren 26tik 29ra bitartean egingo da. Izena emateko epea martxoaren 19an itxiko da eta antolakuntzak proiekturen bat ez onartzeko eskubidea du, baldin eta egileek epea itxi aurretik eskatutako dokumentazio guztia bidaltzen ez badute.
Aurtengo berritasuna "Infobistan" izeneko sail informatiboa izango da. Sail berri hori sail ofizialean sartu ezin diren proiektuei aukera bat emateko helburuarekin sortu da. Gainerakoan, "Ofibistan" sail ofizialean 12 eta 14 film labur bitartean aukeratuko dira.
Sariak Begibistan jaialdiko sail ofizialean lehiatuko diren film laburrek 300 euroko dirusaria jasoko dute. Halaber, Begibistan Txapela jasoko dute sail ofizialeko film labur onenak, euskal zuzendari onenak, gizonezko euskal aktore onenak, emakumezko euskal aktore onenak, euskal gidoilari onenak eta euskal argazkilaritza zuzendari onenak. Publikoak ere sail ofizialeko film labur onena aukeratuko du. Puntu gehien jasotzen dituenak Begibistan Txapela bat jasoko du. "Infobistan" sail informatiboan publikoak aukeratuko ditu bi irabazleak. Bakoitzak 300 euroko dirusaria eta Begibistan Txapela jasoko du. Azkenik, "Ofibistan" edo "Infobistan" sailetan lehiatuko diren euskarazko film laburren artean euskarazko film labur onena aukeratuko du epaimahaiak. Azken horrentzat ere Begibistan Txapela izango da saria.