jueves, 26 de noviembre de 2009

Erdara harturik maisu

Bustidura edo palatalizazio horiek oso zabalduta daude, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere, baina badirudi gaurko gazteentzat oso zaila dela -ll- ahoskatzea. Aspaldi honetan, ill ahoskatu izateagatik, euskaraz arrotza den yeismoa zabaltzen ari da: mutiya, iyargia, iyun, langiye, dabiyela, zebiyen, oso zaya da, (bizkaitarrok saia entzunez gero, putrea ere uler dezakegu), bigarren mayan,... (bigarren mailan dagoela dioenak, zer esan nahi du? bigarren mahaian edo bigarren mailan?).

Egia da Gipuzkoan eta Bizkaiko leku askotako hizkeretan, batez ere, bustidurak automatikoak dira, baina Arratian, Galdakaon, Larrabetzun, Zeberion, Lezaman eta inguru horietan guztietan, -in eta -il kasuetan, ia ez da bustidurarik agertzen: (h)aginetako mine, arinago, mutile, makile, okile, ilun, katilu...

Zergatik ez irakatsi umeei, irakurtzen hasten direnean, idazten den bezala irakurtzen? Haurrei irakurketa erraztu egingo genieke eta hori ere oso ahoskera jatorra da, Lapurdin eta Nafarroako zenbait lekutan ere, Bizkaiko mendebaldekoon eran, mutila, makila, mila, langileak... esaten baitute.

Kontua da, yeismoa zabaldu denetik, hau da, y grekoaren moduan ahoskatzea euskeraz bere barra-barra hedatu dela. Txarto esandako berbak dira, ez euskera batuaren akatsa, baina joera erderaren bideetara egitea da. Gainera, yeismoa ekiditea kazetariek bultzatu behar duten eta atxeki behar dioten zeregin edo joera da.

1 comentario:

  1. Oso ondo esanda. Baina... batzuek adarra joten zabilkiezela uste dute: "eyerekin esan dut" botatzen dizute. Aukera bat -l- ahoskatzea izan liteke, beste bat -ll- ahoskatzen ikastea. Ez da zaila. Edo biak.

    ResponderEliminar